GU
Hiru sortzaile eta hamaika ideia
Agurtzane
Intxaurraga
ZUZENDARITZA & BANAKETA
Emakume bizkaitarra eta antzerkigile donostiarra, halaxe kokatzen dut nire burua. Nondik sortu zaidan antzerkiarekiko grina ez dut inoiz jakin. Baina 20 urterekin kazetaritza ikasten ari nintzela, maleta hartu eta Donostiara etorri nintzen antzerkia bizitzera.
Harrez geroztik, eszenak eta eszenarioak bihurtu ditut gotorleku eta errebeldiarako bide. 30 urte daramatzat HIKAn istorioak kontatzen. Beti daukat bat buruan. Eta gorputzean dantza, horixe da nire askabidea. Eta lagunekin egotea beste bat. Gehien maite ditudan melodiak, jaioterriko erreka hotsa eta isiltasuna. Biak entzuten saiatzen naiz.
Asun
Etxeberria
ADMINISTRAZIOA & LAN AHOLKULARITZA
Bizitza antzerkia da, eta antzerki onena bizitzatik sortzen da.
Leku ezberdinetan bizi izan naiz eta lan egin dut, hizkuntza desberdinetan aritu naiz, bestelako kulturak ezagutu ditut. Munduko hiritarra naiz. Hori bai, betidanik administrazioa, kudeaketa, paperak… izan dira nire eguneroko ogia.
Hamarkada bat daramat lanean HIKA Teatroarekin, zuzenean eta zeharka, eta egunero hazten doaz inplikazioa, ilusioa, gogoa, harrapatu nauen arte eszenikoen mundu honekiko.
Nagore Martinez
PRODUKZIOA, KOMUNIKAZIOA & BANAKETA
23 urte daramatzat arte eszenikoetan, eta hainbat konpainiarekin trebatzen joan naiz. Antzerkia, dantza, zirkua, musika, literatura eta zinema maite ditut.
“Bizitza entsegurik onartzen ez duen antzezlan bat da. Horregatik, abestu, barre egin, dantzatu, negar egin eta bizi zure bizitzako une bakoitza, oihala jaitsi eta obra txalorik gabe amaitu baino lehen.” Charles Chaplin.
Hika Teatroak bere unibertsoko ateak zabaldu dizkit, eta hemen nago, abentura berri honetan neure burua eramaten uzteko prest.