Lanean hasteko prestatzen ari naiz. Buruan apirilak 27a daukat. Egun berezia niretzat. Seme nagusiak 21 urte beteko ditu. Imajinatzen ari naiz dagoeneko eguna. Bizkotxoa goizean goizetik egina utziko dut egun horretan. Etxean ohiko ditugun globo eta serpentinak zintzilik iluntzerako. Gero, Larratxoko kultur etxera joatea imajinatzen ari naiz. Han emango dugu astea lanean TONBOLAren entseguak berreskuratzen. Aktoreak iristean, bakoitzari bi metroko distantzia mantentzeko eskatuko diet. Jaramonik egin gabe elkar agurtzen hasiko dira, baina! Lasai,  distantziak mantenduta ariko baitira. Oso barneratuta daukagu distantziarena. Erabat barneratuta, ezta ala? Nik dena dela, errepikatu egingo diet, behin eta berriro, umetan amak erakutsitako otoiak errepikatzen nituen moduan. Pentsatu gabe, ea. Infernuaren beldurrez.

Agurrak amaitu orduko, bakoitzari bere maskarilla utziko diot gero. Ez naiz hurbilduko. Guante parea ere ondoan. A, eta bezperatik esango diet laneko arropa jantzita ekartzeko soinean. Amaitutakoan, bakoitzak berea erantsi, zabor poltsan banatan sartu eta berria jantzi, inorena ukitu gabe, inor ukitu gabe. Etxera iritsitakoon laneko arropa garbigailuak garbitzeko. Eskuak! Eskuetarako jaboi ura. Orduero. Eta horrela egunero.

Baina bitartean, elkarrenganako bi metroko distantziak jarrita lan egiten hasiko garela imajinatzen ari naiz. Ikuskizunaren pasarteak, kantuak, koreografiak, den-dena errepasatu. Ze gogoak, ze bizipoza, ze askatasun sentsazioa. UUUFFFFFFF!

Portzierto! Esango dizuet ez dakizuenentzat, TONBOLA kale ikuskizuna dela, Europari buruzko satira gordina izan nahi duena. Territorioak, hesiak, mundu berri eta aske baten ametsa.  -Ez esan!- Esango duzue batzuk. -Bai, nork esan behar zigun duela hilabete batzuk, zer kontatu nahi genuen erabakitzen ari ginenean alegia,  Europak halako eraldaketa unea biziko zuenik? Ezin  imajinatu!

Eztabaidak sortuko direla gure artean  imajinatzen dut ere. Koronabirusari buruz, esan nahi dut. Derrigorrez.  Bere erruz Europak inoiz baino muga eta harresi gehiago biltzen dituenean, derrigorrez egin beharko zaio aipamena. Gure mugimendu guztiak erabat murriztu dituelako, gure ezagun eta maite asko eraman dituelako, bakardaderik handienean gainera. Imajinatzen dut une batzuez isiltasuna gailenduko dela gure artean. Besarkadak partitzeko gogo itzela. Iñigoren amarekin gogoratuko gara. Eta txalo egingo dugu beragatik eta beste askorengatik. Plazt! Plazt! Gero, aldiz, atseden egiteko aprobetxatuz, balkoiez hitz egingo dugu. Nik hain terraza ederra izanda, zer esango dut?! Imajinatzen duzue?

Imajinatzen dut apirilak 27tik aurrera, balkoi, terraza edota leihoak, denak parez pare zabaldu eta kalera aterako garen une handia. Edo ez, igual gure ikusleak balkoietan jarraitu beharko dute. Imajinatzen? Zuek Ikusle bihurtuta eta gu plazaren erdian antzezten. Zezen plazaren antzera. Borobil osoan. Baina aspaldiko partez kaleak bizirik. Kulturaz bizirik beste behin. Itxaron! Eta behin imajinatzen hasita, imajina dezaket ere zuek, ikusleak, gurekin batera egotea plazan. Hamar edo berrogeita hamar ikusle, badaezpada gehiago ez. Bata bestearekin bi metro distantziagatik bananduta. Eta imajinatuko dugu maskarillak jarrita eta guanteak dituzuela ere. Zergatik ez? Guztion osasunagatik hala izan behar badu, izan dadila! Arazorik ez! Baina, mesedez, utzi hau guztia imajinatzen. Apirilak 27an berriro ere aurrez aurre sortzeko aukera izango dugula guk ere. Utzi halakoak imajinatzen, indarrak non jarri erakusten dit eta imajinazioak. Ez indarrak bakarrik, gogoa ere bai. Bizkotxoa jateko gogoa sartu zait, hara!  Ze demontre, Aberri eguna ez al dugu ba gaur izan? Bizkotxoa janez, gaurkoa eta 27koa, biak ospatu eta imajinatuko ditut, ohiko globoz eta serpentinaz inguratuta. Zorionak denoi!

A.

Komentatu