KOLABORATZAILEAK

Santos
Bregaña

DISEINU GRAFIKOAREN ARDURADUNA

Bi adar uztartzen ditu, batetik, diseinua eta arte zuzendaritza Atelier Laian – harriduren fabrika- eta, bestetik, irakaskuntza eta lan artistikoa ondorengo zentroetan: Iruñako Arkitektura Eskola (diseinuko goi mailako 2. eta 3. graduak); Donostiako Arkitektura Eskola (Gastronomia Espazioen diseinu aholkularitzan masterra. Aretoaren eta bere objektuen diseinua, tailerra); Bilboko Arte Ederren Fakultatea (Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterra).

2008an Sphere saria jasoko du Art Director Club NY-en eskutik, Mugaritz jatetxearentzat hasieratik egindako lanagatik. Horrez gain, Kultura eta gastronomiaren zabalkundea ardatz duen Tabula argitaletxea zuzendu du.

JON-ANDER-ALONSO

Jon Ander
Alonso Unanue

BANAKETA

Ikasketak Donostiko AET-TAEn hasiko ditu, eta Genevako École de théâtre Serge Martinen borobilduko du oinarrizko formakuntza. Clown, performance, maskarak, dantza garaikidea… ikastaroetan ere partu hartuko du.

Bere ibilbide profesionala Euskal Herria, Frantzia eta Suiza artean kokatuko da. Aktore gisa, Ze Onda-ren muntai desberdinetan parte hartzeaz gain, Baionako Hecho en Casa-rekin lanean aritu da. Halaber, Genevako Théâtre Spirale, Théâtre Ecart edo Atelier Sphinx konpainien ekoizpenetan parte hartu du.

Modu kolektiboan sortutako Mikrouhina eta Itsasoari negar obren sormen prozesuen parte izango da.

Heriotza bikoitza (Doble Malta) da zuzendu duen azken lana, eta Ze Onda antzerki taldearen Tempus Fugit obra, antzeztu duen berriena.
Azkenaldian, besteak beste, Sormena geletan egitasmoan aritu da zuzendari gisa, ikastetxe desberdinetan.

Telebistan eta zinean ere lan egin du: Ihesaldia (Jabi Elortegi), Handia (Jon Garaño, Aitor Arregi) edo Errementari (Paul Urkijo), besteak beste.

Miren
Gojenola

LANKIDETZA PROIEKTUETAN

Donostiako Antzerti eskolan ikasitakoa (1989). Geroztik, antzerkiko hainbat eta hainbat arlotan lan egindakoa. HIKA Teatroaren sortzaile, Agurtzane Intxaurragarekin batera. Hamazazpi urte igaroko ditu konpainian. Ondoren, talde ezberdinekin arituko da lanean: Ados Teatroa, Txalo produkzioak edo Vaiven produkzioak, beste batzuen artean.

Azken bost urteotan etengabea izan da bere kolaborazioa HIKAn: aktore modura, zuzendari laguntzaile gisa edo proiektu ezberdinetako sormen prozesuetan parte hartzen.

Antzerki irakasle moduan ere aritu da eta. Egun, Hernaniko Biteri Kultur Etxean eskaintzen ditu interpretazio eskolak. Ikus-entzunezkoetan ere ibilbide oparoa egin du. Besteak beste: Agur Etxebeste filma (Irusoin, Kilima, La Fidele. 2019) eta Altsasu telesaila (ETB. 2020).

aintzanemuguruza

Aintzane
Muguruza

LANKIDETZA PROIEKTUETAN

Informatika ogibidez, 20 urteko ibilbide profesionala eskaintzen dio jarduera horri euskal enpresa -eta industria- munduan.

2016an, gizarte-eremura igarotzen da, eta, bertan, Gehitu elkartea koordinatzen du 4 urtez, Donostiako egoitza nagusitik.

Bertan, garatzen duen Harrotasunaren Antzerkia proiektuari esker, antzerki munduarekin harremanetan jarriko da, Hika Teatroa ezagutu eta Kamikaz Kolektiboak sortu eta zuzendutako Käffka obra ekoitziko du.

2020an, Mugen Gainetik erakundearekin lankidetzan aritu zen El Salvadorren eta Guatemalan garapen-proiektuak koordinatzeko. Lan hori Andoni Mutiloaren Esnatu naiz kabaretaren banaketarekin bateratzen du, beste proiektu batzuen artean.

Gaur egun, freelance gisa, kultura, teknologia eta gizarte proiektuetan parte hartzen jarraitzen du, ahal den neurrian hiru esparruak uztartuz, UOCen komunikazio ikasketak egiten dituen bitartean.

Sergio
Arregui

WEB DISEINATZAILEA

Txikitatik marrazketari eta arteari lotuta egon naiz. 20 urtetik aurrera, kezka hori diseinu grafikoaren esparruan proiektatu nuen.

20 urte baino gehiago daramatzat publizitate-agentzietan eta estudio diseinuetan lanean, oro har, web-garapenean espezializatu naiz, betiere ikuspegi estetikoa landuz.