Gaur goizean Astigarragan egon gara. Zapata Berriak, ERRIBERA Kultur Gune berriko inaugurazio ekitaldia aurkeztu dugu, Udaleko ordezkari eta herriko sortzaileekin batera.

ERRIBERAk larunbatean, hilak 12, irekiko ditu ateak. Eta herriak, goizean goizetik, egun berezia biziko du. Kontxaenea (betiko kultur etxea) agurtu eta, ondoren, kultur gune berriari ongi etorria egingo diote Astigartarrek. Batzuk oholtzaren gainean arituko dira, eta beste batzuk ikusle. Guztiak partaide.

Udalarekin elkarlanean abiarazi dugun egitasmoa da Zapata Berriak. Oso pozik gaude elkarrekin hasi dugun bidearekin. Sinetsita gaude kultura ez dela ikusleentzat sortu behar, ikusleekin baizik. Eta Astigarragak eman digu hau lantzeko aukera ederra. Eskerrik asko, bihotzez.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Belen Olaziregi (Astigar Dantza Taldea), Agurtzane Intxaurraga (HIKA Teatroa), Amaia Usabiaga (Kultur Teknikaria); Inma Aramburo (Biolinista); Xabier Urdangarin (Alkatea); Aintzane Barandiaran (Kultura Zinegotzia).

Argazkilaria: Pastain.

 

Deja un comentario